noticias

junio 03, 2012

[Publicado en Berria. Título original: ¿Para qué son los impuestos? Traducción de la Redacción. 2012ko ekainak 3]


Joan den apirilean, Sozietateen Gaineko Zerga erreformatzeko laugarren batzorde txostengilean parte hartu ahal izan genuen, ner group-en izenean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Lehen-lehenik, eta politikariek dena nahaspilatzen dutenez, oinarrizkoa dirudi jakitea zein den zergaren definizioa. Denok ulertzeko moduan, honela adieraz daiteke:

«Haren printzipio gidariak iradokitzen duenez —zerga ahalmena deritzo—, gehien daukatenei are eta ekarpen handiagoa dagokie finantzaketan, konstituzioko berdintasun printzipioa eta gizarteko elkartasun printzipioa sagaratu dadin».

Bada, denboraren joanak erakusten duenez, planeta zigortu honetako ia gizarte guztietan gero eta handiagoak dira desberdintasunak, eta, beraz, ezin lortuzkoa dirudi berdintasunak, eta Milton Friedmanen mozkorraldi beteko txiste bat, elkartasun printzipioak.

Adierazi genuen jakingarria dela zein den Administrazioaren egiteko nagusia, huraxe izaki gizarteko zerga bilketaren eta itzulketaren arduradun gorena; diru sarrera eta gastu berdinduen kontu bat baino zerbait gehiago dakarkiote hari. Hain zuzen, ia inoiz ez dira berdinduak.

Proposatu genuen, alderdi kuantitatiboaz gain, badela erantzukizun kualitatibo bat, eta horrek berekin dakarrela pedagogia lan bat, Giza (Pertsonak) Garapen (Ekonomia) Iraunkorra (Naturaleza) kontuan izanda pentsa eta joka dezan gizarteak, eta, ezari-ezarian eta zehatz-mehatz, handiagoa izan dadin hura osatzen dutenen arteko berdintasuna.

Laburbildurik, (osorik, ner groupen webgunean irakur daiteke), honako proposamen hau egin zen:

Administrazioak egiteko hauxe izan behar du:

—Pedagogia lana egitea, garai berri hau giza balioetarantz bideratzeko, pertsonei gizartearen parte gisa dagokien horretan.

—Sustatzea tokian tokiko jarduerak, alde batera uzteke ondasun komunari dagozkion jarduera globalak ere.

—Adoretzea, bultzatzea, laguntzea eta sustatzea enpresa erakundeak, baldin eta beren lana kudeatzeko era gisa kontuan hartzen badute Giza Garapen Iraunkorra eta, hala, gizarteari ekarpen handiagoa egiten badiote.

—Zehaztea helburu kuantitatiboak, lorpenei eta denborari dagokienez, ekonomia aldetik gizarte berdinduago bat lortzearren. Eta helburu horiek gizartearekin partekatzea, erronka komun bat bihurtzeraino.

—Zehaztea bizi-kalitateari, gizarte ongizateari, ondasun komunaren ekonomiari eta Giza Garapen Iraunkorrari buruzko helburuak, lorpenei eta denborari dagokienez, eta helburu horiek gizarteari bere eginaraztea eta pertsona guztien helburutzat joaraztea, horrexek sustatuko baitu benetako elkartasuna.

—Ulergarri, desiragarri eta argigarri eginaraztea herritarrei funtsezko alderdi jakingarrien inguruko informazioa, komunikazioa eta gardentasuna, horrexek ekarriko baitu haien parte hartzea.

—Gauzatzea hainbat egintza, etikaz eta koherentziaz, iruzurrari inolako ahalbiderik ez emateko.

Eta ondorio gisa:

—Aldakorra izango da bildutako zergen zenbatekoa; egiteko hori zenbateraino betearazi den, horrexen araberakoa. Hala, elkartasun mezu bat igorriko zaio gizarteari, etengabe, eta haren ekarpena zenbateraino, zergatik eta zertarako den beharrezkoa jakinaraziko.

Aditzera eman nahi izan genien, halaber, bil daitezela elkarrekin —ahal izanez gero, buru dituztenekin; eta gure kontu ogitartekoak—, eta, hitza eman eta hitza jan eta gero, kendu eta jarri ibili eta gero, kamera eta mikrofonorik gabe, elkarrekin ondo konpontzen direnean, jar daitezela ados, luzera begira zer zerga politika ezarri nahi dugun, zer-nola itzuliko ditugun, eta zer gizarte mota lortu nahi dugun.

Aldatzea zaila da; berdin segitzea galgarria da.

2012ko apirila